Amnistia, Nazio auzia - Cuestión nacional

Amnistia eta ezker abertzalea

amnistiaAmnistiaren aldeko borroka berriro ere oihartzun handia hartzen ari da Euskal Herrian, hein handi batean Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren lanari esker. Era berean, Amnistiaren aldeko gutunak, dagoeneko 130 errepresaliatu politiko baino gehiagok sinatu duena, bide horretan asko lagundu du. Amnistiaren inguruan berpiztutako eztabaida/mugimendu guzti honek argi uzten du, Hasier Arraizen nahien gainetik, amnistia ez dela totem bat, baizik eta mugimendu iraultzaile ororen oinarrizko aldarrikapena eta, era berean, ildo desberdina duten mugimendu/erakunde iraultzaile guztiak batzen dituen borroka.

Ezker abertzaleak eta zenbait damutuk esaten digutenez garrantzitsuena orain Estatu Espainol eta Frantsesen espetxe politika terroristak onartzea da, behin beraien legeek markatzen dituzten baldintzak beteta onurak jasotzeko edo kartzelatik irteteko, baina hori bai presoek bere “konpromisoa” erakutsi behar dute “egindako mina onartuz” eta “indarkeriazko bideei” uko eginez. Ikus daitekeenez ezker abertzaleak ez du sikiera presoei bai ala bai legedi komuna aplikatzeko eskaria egiten, baizik eta hori aplikatzeko goian aipatutako baldintzak jartzen dizkie presoei. Horretaz gain, bere estrategiarekin bat datozen presoak bakarrik axola zaizkiela dirudi —eta ez gehiegi hauek ere—, izan ere, makurtu nahi ez duten preso politikoentzako ez dute irtenbiderik aurkezten eta, beraz, badirudi begi onez ikusten dutela beraien aurka politika terrorista bera aplikatzen jarraitzea.

Egia da, ordea, gaur egun Amnistia edo irteera orokor bat ez dela preso politikoak askatzeko biderik azkarrena. Zergatik askatuko lituzkete Estatu Espainol eta Frantsesek ENAM-en preso politikoak ezker abertzalea bera bakarrik, inori ezer eskatu gabe, etengabe makurtzen bada? Dagoeneko ezker abertzaleak ez du eskaintzeko ezer eta Estatuek jaso dezaketena ezker abertzaleak bere kabuz gustura egiten badu zertarako askatu ENAM-en preso politikoak? Era berean, ENAM-en baitakoak ez diren preso politikoak (badaudela, eta ENAM-enak ez diren euskal preso politikoak ere) irteteko aukerak are murritzagoak dira. Hau da, gaur egun, preso politikoen irteera orokor bat gauzatzea ia ezinezkoa da eta presoak kartzelatik irteteko bide azkarrena legedi komunak ezarritakoa betetzea litzateke.

Hala ere, preso politikoak askatzeko biderik errazena ez izatearen aitzakiapean, egun, Amnistia baztertu egin behar dela diotenek ez dute tutik ere ulertu. Helburu nagusia ez da inolaz ere barruan daudenak lehenago aske egotea, hori izango balitz helburua barruan dauden militante iraultzaileek ez lukete inoiz hartutako bidea hartuko, borroka armatuak eta militantzia iraultzaileak lau horma horien artean luzaroan egotera eraman zitzaketela baitzekiten. Gaur egun, eta beti, helburu nagusia errepresaliatu politiko iraultzaileak egotea bermatzen dituen baldintzak desagerraraztea da, eta horren alde borrokatu zuten hain zuzen beraiek: askapen nazional eta sozialarengatik. Horretan datza Amnistiak, presoak askatzeko bide luzeagoa izan badaiteke ere, arazoa konpontzeko bide bakarra da, arazo bat konpontzeko bide bakarra honen kausak konpontzea baita —eta ez ondorioak, zenbaitek sinestarazi nahi diguten bezala—, hau da, zapalkuntza ororekin amaitzea.

Amnistiaren bideak, iraultzaren bideak, askapen sozial eta nazionalaren aldeko bidea den heinean, ezin dio borroka molde bat berari ere uko egin, egoera bakoitzean zapalkuntzei aurre egiteko baliagarriak diren borroka metodoak erabiliz: baketsuak zein indarkeriazkoak, dagoeneko asmatutakoak zein asmatzeke daudenak, legalak zein ilegalak… Guztiak izan daitezke lagungarriak egoera konkretu batean eta ezin daitezke aurrez, egoera konkretua aztertu gabe, betirako baztertu.

Horretaz gain, edozein mugimendu iraultzailetan borroka partzialak borroka orokorrera bideratu behar dira, borroka orokorraren garaipenak, era berean, borroka partzialen garaipena dakarrelako, baina ez alderantziz; hitz gutxitan, borroka partzialak borroka orokorraren menpe daude. Beraz, errepresio politikoa klase- eta nazio-zapakuntzaren parte denez, errepresaliatu politikoen aldeko borroka askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokaren menpe egon behar du. Jarrera hau izan da preso politiko iraultzaileek erakutsitakoa, esaterako, bere kaleratzearen truke damu eta errendizioa ez onartzean. Horregatik, kartzelan, klandestinitatean, masa-lanean edota beste edozein frontetan jardun, askapen nazional eta sozialaren bidean aurrerapausoak ematea da garrantzitsuena, honek bakarrik ziurtatuko baitu zapalkuntza eta klase gabeko gizartea eraikitzea eta Amnistiaren aldarria errealitate bihurtzea, Amnistiaren, iraultzaren, bidean helmugaraino helduz.

Bien bitartean, ordea, ezker abertzaleak beste bide bat badagoela esaten digu, berea, orain “Bakerako euskal bidea” izenaz ezagutarazi dutena eta azken urteotan aplikatzen ibili direna. Amnisitaren bideak askapen nazional eta sozialera garamatzan bitartean, bide honek, Azkarraga euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren bozeramaile izatera darama; Hasier Arraiz kasko gorrien nagusiarekin bostekoa ematera darama, hauek beste behin atxilotzera doazenean; instituzioetako zenbait poltronatara darama; EAJrekin paktatzea helburu gorena izatera darama… Azkarraga, kasko gorriak, poltronak eta EAJ, guztiak askapen sozial eta nazionalaren etsaiak, baina ez, ordea, ezker abertzalearenak, ezta bere bidearenak ere. Beraz, ezinezkoa da bide honek zapalkuntzen amaierara eramatea eta, ondorioz, bide honen bidez Amnistia lortzea.

Ezker abertzalearen borroka moldeek ere argi uzten dute haiena ez dela askatasunera, amnistiara, eramango gaituen bidea, “metodo legal eta demokratiko(-burges)ak” soilik erabiltzeko erabakia hartu baitzuten. Metodo hauek soilik edo metodo hauei garrantzi handiena emanez askapen nazional eta soziala lortzeko ezintasuna bistakoa da, eta are handiagoa da askapena lortzea helburu ez denean. Zentzu honetan ezker abertzalea kontsekuentea dela onartu behar da: bide demokratikoak-burgesak ideia demokratiko-burgesentzat, eta azken finean, Amnistiara ez daramaten bideak Amnistia totem bat dela uste dutenentzat.

Ezker abertzalearen izaera sozialdemokratak ere argi uzten du zein den bere bidea, izan ere, kontuan hartu behar da sozialdemokraziak sistema demokratiko-burgesa ikusten duela bere helburuak lortzeko tokia, baina askapen nazionala eta soziala, aldiz -eta amnistia, ondorioz-, jakina den bezala, ezin daitezke demokrazia-burgesaren baitan lortu. Ezker abertzalea, eta sozialdemokrazia orokorrean, bere nahiak betetzeko demokrazia-burgesa beharrezko menperatze forma bezala ikusten duenez, honen aurka altxatzen direnen aurka borroka sutsua aurrera eramango duela, Amnistia lortzeko bide bakarraren aurka eginez.

Beraz, laburbilduz, bi bide aurkezten zaizkigu aurrean: bata labur eta erosoa, etsaiarekin kolaboratzera baino ez garamatzana; bestea, berriz, askoz ere luze eta gogorragoa, baina bide latzean zehar besoak elkarri gogor loturik, beti aurrera eginez eta bideko sasi eta oztopoak eskura daukagunarekin kenduz, klaserik gabeko gizartera garamatzana, askatasunera,

AMNISTIARA!

Anuncios
Estándar

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s